domingo, 30 de octubre de 2011

DONOSTIAKO IKASTOLEN SORRERA

http://www.euskonews.com/0067zbk/gaia6704eu.html

Oraingoan Donostiako ikastolen sorrerari buruzko artikulu bat uzten dizuet. Artikulua oso interesgarria iruditu zait, izan ere, nekez ikus daiteke orain garai hartan hainbat irakaslek egin zuten lan gogorra eta arriskutsua.
Nik nire Lehen Hezkuntza Orixe ikastolan egin nuen eta artikulu hau irakurri ostean ikastola hark, bere garaian, zein garrantzi izan zuen konturatu naiz. Artikulu hartan aipatzen diren irakasle batzuk (Miren Terese Aleman, Koruko Aldanondo, Mari Karmen Mitxelena, Elbira Zipitria ... ) nire irakasle izandakoak dira, hain zuzen ere, lehenengo biak. Mari Karmen Mitxelena gure irakasle izan behar zuen urtean jubilatu zen, hala ere, bera ezagutzeko aukera ere izan genuen. Oroitzen naiz hiru irakasle horiek ez zigutela gazteleraz hitz bat ere egiten uzten ez bazen gaztelerako klasean ginela. Haientzat euskara bultzatzea zen gauza garrantzitsuenetako bat eta horretarako, ikasleengan ikusten zuten etorkizuna, beraz, dena euskaraz egin behar izaten genuen, bestela, zigorra jasotzen genuen. Izan ere, haien iritziz, gure identitatea, euskal identitatea, euskaran zegoen. Zerk emango zigun euskaltasuna euskarak baino hobeto?
Orixe ikastola 1970ean izan zen legeztatua irakasle hauei esker, hainbat sufrimendu eta borrokaren ostean. Hasiera batean ezkutuka irakasten zieten ikasleei talde txikitan, noski, material eskasaz, lurrean ... Hortaz, kaxak, txotxak, margoak ... erabiltzen zituzten ikasgai guztietarako. Beste artikulu batean garbiago agertzen da hori (aspaldi aurkitu nuen eta orain ez dut aurkitu ... ). Artikulu hura irakurtzean, ilusio handia egin zidan zein metodo erabiltzen zituzten irakurtzea, gerora, gure irakasle izandako bi horiek metodo berdinak erabiltzen baitzituzten, gehienbat matematiketan. Izugarri ikasi nuen bi irakasle horiekin (horietako bati egin diot galdetegia, hortaz, bertan informazio gehiago emango dut), duda gabe, gehien irakatsi didaten irakasleak izan dira.
Hau esanda, euskaragatik esfortzu handiago bat egin beharko genukeela uste dut, hauek egin eta lortu zuten guztia eta gero, pena handia baita gaur egungo gizartean euskara jakinda, ez erabiltzea. Penaz gain, errespetu falta bat da irakasle horiekiko.


Hemen utziko dizuedan esteka hau youtubeko bideo bat da. Bertan 2009an garai hartan lan izugarria egin zuten irakasleei urrezko domina ematen zaie eta garai hartako egoera islatzen da apur bat:
http://www.youtube.com/watch?v=4vpuu7axgGQ

1 comentario:

  1. Polita eta irakurtzen atsegina. Gainera: irakasle zahar horretarikoren batekin egoteko aukera badaukazu, ez galdu, saia zaitez elkarrizketan.

    Orain beste pare bat kontu, bainak:
    * Esteka ez da horrela jarri behar; gutxi gora behera honela:
    Oraingoan Donostiako ikastolen sorrerari buruzko artikulu bat dakarkizuet...
    Zure taldekideek horrela ipini dituztenez azaldu ahal dizute.
    * Bideoak postean txertatu behar dira (embebed), ahal den neurrian eta lotsik eragiten ez badute.

    ResponderEliminar